Skip to main content

Itsaso Larramendi (Tipi): “Eguneroko mugikortasuna eta zaintza, hiriaren erdigunean jarri behar dira”

Euskadi Irratiko Baipasa programan izan da Itsaso Larramendi, Tipi kooperatibako kidea eta PLAZABIZI egitasmoaren partaidea. Elkarrizketan, EHUren uda ikastaroetan landutako gai nagusiari heldu dio: generoaren eta hirigintzaren arteko harremanei, eta etorkizuneko erronkei begira, hiri seguru eta bizigarriagoak eraikitzeko beharraz aritu da.
Larramendiren esanetan, azken hamabost urteetan “salto kualitatiboa” egin da generoaren ikuspegia hirigintzan txertatzeari dagokionez, eta horretan erabakigarriak izan dira Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak eta tokiko administrazioen konpromisoa.

Hamabost urteko bilakaera: “Salto kualitatiboa izan da”

Larramendik gogorarazi du 2000ko hamarkadan hasi zela gure inguruan generoaren eta hirigintzaren arteko harremanaz hitz egiten, eta azken urteotan, bereziki azken hamabostetan, “salto kualitatibo garrantzitsua” eman dela.
“Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzek lagundu dute udalek genero-ikuspegia beren planifikazio urbanistikoetan txertatzen, eta horrek benetako aldaketa ekarri du hirigintzaren egiteko moduan”, azaldu du Larramendik.

Herritarren parte-hartzea, eraldaketaren giltza

Tipiko kidearen ustez, hiriaren diseinua ez da soilik teknikarien edo administrazioaren ardura:

“Egunerokoan kaleak eta espazioak erabiltzen ditugunok dakigu zer funtzionatzen duen eta zer ez; horregatik, ezinbestekoa da bizilagunen esperientziak eta jakintza txertatzea prozesu urbanistikoetan.”

Larramendik gogorarazi du parte-hartze prozesuek aukera ematen dutela eguneroko bizitzaren beharrei erantzuten dieten hiriak eraikitzeko, “eta hori da, azken finean, gure bizi-kalitatea hobetzeko biderik zuzenena”.

Durango, Errenteria eta Arrasate: hiru ikuspegi osagarri

Tipi kooperatibak Durangon, Errenterian eta Arrasaten egindako esperientziak aurkeztu ditu, genero-ikuspegia hirigintzan txertatzeko bide desberdinak erakutsiz:

  • Durangon, plan orokorraren sorreratik bertatik genero-ikuspegia txertatzeko lana egin zuten.
  • Errenterian, berroneratze urbanistikoak eta auzoen egoeren arteko konparazioa landu zuten.
  • Arrasaten, berriz, mugikortasunaren eta zaintzaren arteko harremanak izan dira ardatz.

PLAZABIZI: mugikortasun jasangarri eta bizigarriaren alde

Arrasateko esperientzia PLAZABIZI egitasmoaren baitan kokatzen da, bi urtez hainbat eragileren artean garatzen ari den ekimenean: udala, elkarteak, enpresak, hezkuntza-eragileak eta bizilagunak norabide berean ari dira lanean, mugikortasun aktibo eta jasangarria bultzatzeko eta espazio publikoak bizigarri bihurtzeko.

Tipik egindako azterketak oinezko eta bizikletazko mugikortasunean jarri du arreta.

“Ikusi dugu zaintzarako eta eguneroko mugikortasuna nagusiki modu horietan gauzatzen dela; hortaz, espaloien zabalera, seinalizazioa eta irisgarritasuna hobetzea funtsezkoa da”, azaldu du Larramendik.

PLAZABIZIren ikuspegitik, hirigintza ez da soilik azpiegitura kontua, baizik eta bizitzaren antolaketa sozial eta kolektiboaren parte: espazio publikoak zaintzaren, berdintasunaren eta komunitatearen zerbitzura jartzea da erronka.