Skip to main content

PLAZABIZI Arrasaten sortutako egitasmoa da eta Arimazubi auzo inguruko herritarrak erdigunean jartzen ditu auzoa bizitzeko toki hobea bihurtzeko. Helburua da mugikortasuna, espazio publikoak eta natura uztartzea, jendearen ongizatea eta elkarrekiko harremanak hobetzeko.

Guztion ekarpenak kontuan hartzen

Proiektuaren ezaugarri nagusietako bat herritarren parte-hartzea da. Izan ere, ekimenak auzoetako erabiltzaileak, bizilagunak, eskola eta hezkuntza komunitatea, erakunde publikoak, enpresak nahiz gizarte eragileak elkartzen ditu. Elkarlanerako guneak sortuz guztion artean Arimazubi auzo inguruko espazioa jasangarriagoa eraikitzeko aukera eskainiz.

Parte-hartze prozesuak saio irekiak izango ditu, bizilagunak, eragileak eta erakundeak elkar ezagutzeko eta elkarlanean jarduteko. Gainera, haurrentzako zaintza zerbitzua egongo da eta etxeko txikienek ere ekarpena egin ahal izango dute.

Saio hauek urriaren 29an, azaroaren 19an, abenduaren 10ean eta urtarrilean zehar egingo dira Arimazubiko eliza zaharrean, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Gaztelerako itzulpen zerbitzua ere eskainiko da, honetarako gerturatzen diren pertsonek Telegram aplikazioa aurrez deskargatuta izan beharko dute beraien mugikorretan (itzulpen zerbitzu hau erabili nahi dutenei 5 min lehenago gerturatzea eskatzen diegu).

 

Fasez fase, elkarrekin bidea egiten

Egitasmoa 2026 amaierara arte luzatuko da, hiru fasetan banatuta:

  • Egoera ulertu: hasierako azterketan jasotako gakoak partekatu, auzoaren etorkizun ideala amestu eta zer eraldatu nahi dugun definituko da.
  • Guztiok batera sortu: lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaileak sortzeko fasea izango da, ideiak eta ekimenak elkarrekin garatzeko.
  • Definitu: ideiak aukeratu eta zehaztuko dira eta aurrera eramango diren ekintzak zeintzuk izango diren erabakiko da.