Elkarrekin bizi,
mugitu, eraldatu
Leku batetik bestera egiten dugun mugimenduak, espazioen konfigurazioak eta naturarekin dugun harremanak gure eguneroko bizimodua moldatzen dute. Nola mugitzen garen eta non igarotzen dugun denbora gure osasunean, harremanetan eta bizi-kalitatean eragin handia du. Etxetik plazara, lantokira edo naturgunera egiten dugun bidea ez da soilik desplazamendua, bizitzeko dugun modua da.
PLAZABIZI, komunitatea erdigunean duen herri-eredu bat garatzeko bi urteko prozesua da, herriak eta auzoak bizigarriagoak izan daitezen. Bide horretan, mugitzeko eta espazio publikoak erabiltzeko modu berriak irudikatu, aztertu eta sustatu nahi ditugu, honetarako aldaketak behar ditugu hirigintzan, ohituretan, pertzepzioetan eta gobernantzan; betiere komunitatearen parte-hartzea ardatz hartuta.
Herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, bizitza osasuntsuagoa, mugikortasuna jasangarriagoa, irisgarria, seguruagoa eta inklusiboagoa izan dadin urratsak emango ditugu, eta espazio publikoak eta naturguneak nola berreskuratu eta balioan jartzeko zer pausu eman aztertuko dugu.


ZERGATIK EGITASMO HAU?
Espazio bizigarriagoak egin nahi baditugu, hainbat erronkari heldu behar diegu.
- Garraioaren erabilera birplanteatu: oinezkoak lehenetsi, bizikleta-bideak eta aparkalekuak sortu, garraio publikoa hobetu, autoen erabilera murriztu, mugikortasun kolektiboa bultzatu etab.
- Espazioen bizigarritasuna sustatzea: berdeguneak, jolaserako guneak eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Betiere, komunitatearen beharrak lehenetsiz eta espazio fisikoen berrantolaketa sustatuz.
- Ohitura eta pertzepzioetan adalketa bultzatzea: denboraren eta erosotasunaren kontzeptuak berrikusi, jarduera fisikoa eta naturarekiko harremana sustatu.
- Elkarlanerako ereduak bultzatzea (herritarrak, erakundeak, enpresak, etab.).
Erronka horiei helduz gero, lortuko ditugun onurak hainbat izango dira; besteak beste, osasun, segurtasun eta irisgarritasunaren aldetik; izan ere, bizitza aktiboa sustatu eta natura babestu eta berreskuratuko genuke eta hauei esker gizartean ongizate mental eta emozionalean eragina izatea lortuko dugu.
ZEIN IZAN DA AUKERATUTAKO EREMUA?
Ekimen honetarako Arimazubi ingurua aukeratu da, trantsizioko gune esanguratsua delako eta bertako komunitateak, auzotarrak zein eragileak barne, interesa eta parte-hartzeko borondatea agertu dutelako; gainera, etorkizunean beste auzo edo herrietara zabal daitekeen ekimena izan daiteke. Esku-hartze eremua Santa Barbara, Arimazubi, 17 Emakume Kalea, Olandixo eta Iturripe ingurua da (trafiko saturazio handia duen espazioa), unibertsitate kanpusa, bi ikastetxe, enpresak, merkataritza- eta ostalaritza-guneak nahiz naturguneak barne hartzen dituen espazio hau ikasketa eta berrikuntza sozialerako gune egokia bihurtzen du, herri jasangarriago baterako ikasgai baliotsuak eskainiz.
BIDEA EGITEN, ELKARREKIN
PLAZABIZI bi urteko prozesu bat da, ez soilik aldaketak eragiteko, baizik eta denon artean aukerak aztertzeko, ikasteko eta bide berriak irudikatu eta bizitzeko. Etorkizuna marrazten hasi nahi dugu, pausoz pauso, norabidea kolektiboki eraikiz.

INTERESATUA
Ideia handiak elkarrizketa batekin hasten dira.
Hitz egingo dugu?
KONTAKTUA
SARE-SOZIALAK
Telegram ↗
PLAZABIZI