PLAZABIZI ekimenaren baitan, aliantzako kide den Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEP) bere campusaren lorategia herritarrengana hurbiltzeko esku-hartze berezia prestatu du: bisita gidatuen programa bat, natura, hezkuntza eta irisgarritasuna uztartuko dituena.
Ekimenaren helburua MGEPko lorategia komunitatearentzako topagune eta ikaskuntza gune bihurtzea da. Horretarako, bertako zuhaitz espezie nagusiak identifikatu eta azalduko dituzten euskarri fisiko eta digitalak diseinatu dira, informazioa modu ulergarri eta inklusiboan eskaintzeko. Diseinuak irisgarritasuna izango du ardatz, eta ezintasun desberdinak dituzten pertsonen beharrak kontuan hartu dira.
Proiektuaren lehen fasean lorategiaren egokitzapena eta zuhaitzen hautaketa egin dira, botanika eta basogintzako irizpideak kontuan hartuta. Ondoren, lorategian dauden espezieei buruzko edukia garatu da, eta kartel informatibo berriak diseinatu dira. Kartel horiek euskarri arruntetan ez ezik, braille sisteman ere eskaintzen dira, informazioa pertsona guztientzat eskuragarri izan dadin.
Bisita gidatuak 2026ko maiatzean zehar egingo dira eta publiko ezberdinei zuzenduko dira: MGEPko ikasle eta langileei, Herri eskolari, Arizmendi ikastolari, tokiko elkarteei eta auzotar eta herritarrei. Jarduera hauen bidez, campusaren balio naturala ezagutarazteaz gain, ingurumenarekiko kontzientzia eta espazio publikoen erabilera komunitarioa sustatu nahi dira.
Horrez gain, proiektuak lorategiko mapa botaniko orokor bat ere jasoko du, bisitariek espazioa modu autonomoan esploratzeko aukera izan dezaten. Esku-hartze honek PLAZABIZIren helburu nagusiekin bat egiten du: komunitatea eraikitzea eta espazioak irabaztea, naturaren eta herritarren arteko harremana indartuz.
Bisita gidatuen datak:
- 2026ko maiatzaren 14an -> MGEPeko ikasle eta irakasleak
- 2026ko maiatzaren 26ean -> Arimazubi Ikastola
- 2026ko maiatzaren 27an -> Bisita irekia, lorategia ikusi nahi duen edonorentzat. 17:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz. Izena eman hemen-> izen emantea
- 2026ko maiatzaren 28an -> Herri Eskola





